XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ahuleziak

Bihotza bigundu egin zitzaidan egunkarian honako berri hau irakurtzean: Pilar Miróri RTVE-ko zuzendaritza eskaini aurretik, Felipe Gonzálezek haren medikuari egin omen zion kontsulta, alegia, ea Mirók ez ote duen osasunaren aldetik eragozpenik halako kargua bere gain hartzeko.

Eskertzekoa benetan Gobernuko Presidentearen ardura Pilar Miróren osasunarengatik.

Izan ere, Felipe Gonzálezek egunero izan behar duen buruhauste pilaren artean tartetxo bat hartzea emakume gajo horrek halako zama astuna bizkar gainean eraman ote dezakeen jakiteko, ez duzue esango ez denik txalogarria.

Nik, egia esan, burua Gobernuko Presidenteak baino librexeago izan arren, ahaztuta neukan Pilarren gaisotasuna.

Berria irakurtzean gogoratu naiz Gary Cooper que estás en los cielos hartan kontatu zigula zeinen gaizki pasa zuen medikuak hil ala biziko operazioa egin beharra zeukala adierazi zionean.

Bueno, filmean Mercedes Sampietrok egiten zuen gaisoarena, baina irakurri nion nonbaiten Pilarri istorio hori bere bizitzan oinarritua zegoela.

Agintari batek bere menpekoaren osasuna horrenbesteraino kontutan hartzeaz pentsatzen ari nintzela etorri zait burura lagun neska batek kontatutako beste pasadizo hunkigarri bat.

Orain dela hilabete batzuk, Administrazioren bulego batetan aldi baterako kontratatu gisa sartzeko, osasun proben artean bat emakumezkoei bakarrik egin zieten: pixarena hain zuzen ere.

Gauza hauek ez dira hortik zehar esaten aritzekoak, baina nere sospetxa da zera jakin nahi zuela Administrazioak, ea emakume horiek haurdun zeuden ala ez.

Ezta gutxiagorako eta, benetan diotsuet, bihozperatuta gelditu nintzen orduan ere Administrazioak bere langile emakumezkoen gorputzean gertatzen zenaz azaldu zuen interesarengatik.

Izan ere, neskak, ez dakit zergatik egiten dugun hainbeste protesta eta muzin.

Kontu txatxu horiek alde batera utzi eta ea noiz ohartzen garen agintariek oso gaituztela maite, eta erabat prest ditugula naturak jasanerazten dizkigun ahulezia eta makalaldietan, gu, gajooi, bizkar gaineko karga eta kargua arintzen laguntzeko.

Elixabete GARMENDIA.